Bidea
ezagutzea


BIDEAREN NAFARROAKO ETAPAK

Done Jakueren bideak Nafarroan du Espainiako atea; hala, Luzaide igaro ostean, Orreagako errege kolejiata atari modukoa dugu. Kristau adierazgarritasunez beteriko gune historiko paregabea da, Done Jakueren bidearen abenturan murgildutakoei ongi etorria besoak zabalik emateko.

150 kilometro dira Donibane Garazitik Logroñoraino; Foru Erkidegoa iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du, beraz, paisaien edertasun guztien eta ikuspegi aberastasunen erakusgarri bikain horrek.



1ª ETAPA – DONIBANE GARAZI – ORREAGA

35 Km

Donibane Garazi herritik abiatu, eta pont d’Espagne delakoa gurutzatu behar da. Luzaide herri nafarra da hurrengo erreferentzia puntua. Ibañeta mendatearen magalean dago, eta, hortaz, Espainian dagoen ibilbidearen lehen puntua da, Pirinioak gurutzatu aurretik.

Bide zaharrak galtzada erromatarra jarraitzen zuen Bentarteko pasabideraino -Erdi Aroko idatzietan “Portus Cisere” izenaz zen ezaguna, eta bide tarte horretako zatirik gogorrena zen berau. Neguan ez da gomendagarria Bentarteko ibilbidea aukeratzea, biziki arriskutsua baita. Hainbat ibiltari hil da han. Horrenbestez, hobe da egungo errepideari jarraitzea.

Ibañetako mendatea gaindituta, egungo errepidetik, Orreagako errege kolejiatara iritsiko gara, erromesentzako lehen aterpetxera, alegia.



Roncesvalles-Orreaga
2ª ETAPA – ORREAGA – LARRASOAÑA

28 Km

Orreagako errege kolejiatatik abiatuta, Nafarroako iparraldeko ezaugarri diren pagoz, urkiz eta pinuz jositako basoetan kokatutako zenbait herri igaroko ditugu. Lehenik Auritzera iritsiko gara, eta bertatik Aurizperri, Mezkiritz, Gerendiain, Lintzoain eta Larrasoaña zeharkatuko ditugu. Herrietara sartzeko beharrik ez badugu ere, Erro eta Zubiri herrietatik gertu ere igaroko gara. Zubirin eta Larrasoañan daude aterpetxeak.


3ª ETAPA – LARRASOAÑA – IRUÑEA

15 Km

Nafarroako hiriburua da ibilbide hasieratik topatuko dugun lehen hiri handia. Hara iritsi ahal izateko, Akerreta, Zuriain, Irotz, Zabaldika, Arrieta, Atarrabia eta Burlata igaro, eta Iruñean izango gara. Bi aterpetxe ditugu ibilbide horretan: Arreko Trinitatea eta Iruñakoa.



Roncesvalles-Orreaga
4ª ETAPA – IRUÑEA – GARES

24 Km

Nafarroako kapitala atzean utzita, hegoaldeko bidea hartuko dugu Gareseko herri historikorantz. Zizur Nagusiko norabidean Iruñeko irteeran, Uteragara iritsiko gara, eta hortik Muruzabal, Obanos eta azkenik Garesera helduko gara; bertan bat egiten du Somportetik (Jaka) datorren Done Jakueren bidearekin. Horregatik hain zuzen ere, aterpetxe anitz dago ingurutan; bost zehazki: Roncal familiaren aterpetxea, Zizur Txikikoa, Utergakoa (ibilbidetik apur bat desbideratzen da hori) eta bi Garesen: Pabres eta Santiago Apostol.


5ª ETAPA – GARES – LIZARRA

22 Km

Arga ibaia zeharkatzen duen Erdi Aroko zubiari agur esan, eta Lizarrarantz abiatuko gara. Mañeru da topatuko dugun lehen herria; ondoren datoz Zirauki, Lorka, Villatuerta eta azkenik Lizarra. Hospital del Peregrino deritzon aterpetxea dugu herri honetan, seguru aski Nafarroako erromes aterpetxe nabarmengarriena, egoera bikainean baitago.



6ª ETAPA – LIZARRA – LOS ARCOS

21 Km

Horixe da zalantzarik gabe erromesak egin beharreko etaparik bakartiena eta gogorrena, handi samarra baita bi herrien arteko distantzia. Lizarratik abiatuko gara, Aiegiko bidean Azketarantz. Nahiko gertu, hurrengo geltokia topatuko dugu, Villamayor de Monjardín; bertan atseden hartzea gomendatzen da Los Arcoseraino eramango gaituen zatia egin ahal izateko, ez baitugu ostaturik topatuko datorren bide zati guztian. Lau aterpetxe ditugu ibilbide horretan: lehenengoa Hogar Monjardín deritzona, Villamayor de Monjardínen; gainerako hiruak, berriz, Los Arcosko helmugan izango ditugu; Isaac Santiago, Casa Alberdi eta Casa Romero.


7ª ETAPA – LOS ARCOS – BIANA – LOGROÑO

28 Km

Nafarroako Done Jakueren bideko azken etapara iritsi gara; Errioxara eramango gaitu horrek, Logroñora zehazki. Etapa horretako lur lehorretan mahastiak topatuko ditugu han?hemenka, Foru Erkidegoaren hegoaldeari dagokion legez. Los Arcostik abiatu, eta Santsolgo bidea hartuko dugu. Hortik aurrera, Torres del Rio zeharkatuko du; Poyoko Andre Mariaren ermita atzean utzita, Bianan sartuko gara, Logroñorako bideari berriz eutsi aurretik. Orduan, 612 kilometro geratuko zaizkigu Santiagora iristeko. Ostatu hartzeko lehen lekua Torres del Rioko Hospital Peregrino delakoan izango dugu Bianan ere badugu aterpetxea (Alberguería Andrés Muñoz), eta baita Logroñon ere (Albergue de Peregrinos).



DONE JAKUE APOSTOLUAREN IRUDIA


Jakue, hamabi apostoluetatik bat, martiri hil zen Jerusalemen gure garaiko 44. urte inguruan. Bost pasei mende geroago, Hispaniako lurretan predikatzen aritu zela zioten hainbat kontakizun zabaldu ziren belaunaldiz belaunaldi, mendebaldeko munduaren mugaldeetaraino.


Kondairak dioenez, martirizatutako apostoluaren gorpua harrizko txalupa batean jarri zuten haren jarraitzaileek, patroirik gabe, eta ontziak Mediterraneoa zeharkatu, penintsula inguratu, eta, azkenik, Galiziako itsasertzera iritsi zen. Bertan ehortzi zuten gorpua, sekretupean, jazarpenen beldur.

829. urtean, Asturiasko Alfontso II.a erre zela, Teodomiro apezpikuak hilobi bat aurkitu, eta Done Jakuerenarekin bat zetorrela adierazi zuen, eta halakotzat jo zen kristau munduko bazter urrutienetan ere.

Kontakizuna horren harrigarria izateak, ekialdeko iturrietatik berri argigarririk ez edukitzeak eta auziak sortzen dituen galderek, alderdi horiek guztiek ardura franko sortu dizkie ikertzaileei, milaka urteko tradizioa historikoki egiaztatzen saiatu direnetan. Kontuak kontu, ez dago ukatzerik Europa guztiak ekin ziola Santiagoko bideari, apostoluetako baten gorpuzkinak gurtzeko eta haien aurrean ahuspez jartzeko; izan ere, gogoan zuten Santiagok berak jaso zuela Jesukristorengandik zuzen?zuzenean Agerkariaren mezua, eta, hortaz, Erromak edo Jerusalemek besterik ez dute halako erlikia garrantzitsurik.

“Santiagora doana da erromesa” eta erromesaldia neke eta oztopo ugariko bide luzea da. Bide horretan ibiltariak hausnarketa eta penitentzia ariketa egiten du; norbere buruarekin eta otoitzarekin bat egiteko aldia da, eta Monte del Gozo delakoan du amaiera, Done Jakueren begiradapean.


Roncesvalles-Orreaga

Bidea
ezagutzea