Kultur
Ondarea


Kultur ondarea
Arkitektura eta artea Orreagan

Geografia eta historia nahastuz, artearen ikuspuntutik lekuko garrantzitsua geratu da Orreagan.
Orreagako arkitekturak jatorri funtzionala izan zuen, hots, ibiltariei eta erromesei harrera ematea.
Horrela, kalitate handiko eraikinak egin zituzten, XIII. mendeko kolegiata bereziki.


  1. Andre Mariaren Errege Eliza
  2. San Agustinen Kapera
  3. Klaustroa
  4. Izpiritu Santuaren Kapera
  5. Done Jakueren Eliza
  1. Itzandegia
  2. Museoa
  3. Priore Etxea
  4. Kanpandorrea
  5. Beneficiodunen etxebizitzak
  1. Aterpea
  2. Errota
  3. Ostatua
  4. San Salbatoreren Ermita

Hirigintza

Hirigintzako multzo gisa, Orreaga hiru espazio jarraitutan antolatuta dago. Lehenengo zatian, sarrerako zabalgunea dago eta hondoan Priore etxea eta museoa eta liburutegia daude. Kolegiataren bigarren zatia ezkutaturik geratzen da eraikinen lehenengo lerro horren atzealdean. Espazio ia itxia da. Plaza angeluzuzen handia osatzen du eta ganga murriztua duen tuneletik sartzen da horra. Maila bat baino gehiago daude. Goiko mailan Benefiziodunen etxeak daude. Hirugarren zabalgunea beste patio angeluzuzen bat da. Etxebizitzek ixten dute eta XIX. mendearen hasieran eraikitako Ospitalea nabarmentzen da (egun gazteen aterpea da).



Beste eraikin batzuk, publikoak direnak, antzinako errota eta etxebizitzak dira. Lehena XVIII. mendearen amaieran eraiki zuten eta informazio eta turismo bulegotzat berreraiki dute. Bigarrenak Benefiziodunen etxeen alboan daude.

Zibilak baino ez diren eraikinen artean, ostatua edo benta nabarmentzen da. Auritzetik iristean dagoen lehenengo eraikina da. Ostatu izateko eraiki zuten 1612an.



Andre Mariaren kolegio-eliza

Andre Mariaren kolegio-eliza Orreagako eraikin enblematikoena da. Eraikin horrek islatzen du hobekien hasieratik hor bizi izan ziren apaiz agustindarren komunitatearen indarra. Gainera, Nafarroako frantses gotikoaren adibide hoberena da, hain zuzen ere, Frantziako Île-de-France eskualdeko estiloko adibide puruena. XIV. mendeko Ama Birjina bat ere badago.



Orreagan XIII. mendea baino lehenagoko eliza bat egon zela dioen hipotesia onartu egin da. Hala ere, gaur egungo eliza dagoen tokian edo Izpiritu Santuaren kaperan ote zegoen ez da argitu.

Gaur egungo tenplua Antso VII.a Azkarraren babespean eraiki zen (1194?1234) eta lurperatzeko tokitzat aukeratu zuen. Ikertzaileek hainbat iritzi dute eliza eraiki zen datari buruz. Hala ere, badakite XIII. mendearen hasieran izan zela, 1215. eta 1221. urteen bitartean.

Gerora, kolegiata asko hondatu zen, batez ere 1445., 1468. eta 1626. urteetan izandako suteengatik. XVII. mendearen hasieran, eraikinaren hondamen egoera eta ia bertan behera utzitako egoera ikusita, eraikina berreraikitzen hasi ziren. Lana gogotik egin zutenez, emaitza asko nabaritu zen kolegioko eraikin osoan, eta bereziki elizan eta klaustroan.

Barruko alde gotikoa ezkutatu eta itxura barrokoa emateko lanak egin zituzten, presbiterioan eta aurretik duen nabeko zatian gehienbat. Hor elementu gotikoak agerian geratu ziren.

Elizako oina

Elizak, gaur egun ikusten denez, hiru nabeko oina du. Erdiko nabearen zabalera albokoenen bikoitza da. Alboko nabeak bost zatitan banatzen dira eta erdiko nabeari burualde pentagonala gehitu behar zaio. Albokoak zuzen amaitzen dira. Pilare zilindrikoei esker lortzen da euskarrien sistema. Pilare horiek bereizten dituzte hainbat lodieratako nabeak. Harroin batean eusten dira eta kapitelak crochet izeneko landare itxurako apaingarrien faxa bikoitza du, oso tratamendu sinplearekin. Pilare horiek arku formero zorrotzen euskarri gisa balio dute, bai eta estalkiak jasotzen dituzten zutabetxoen euskarri gisa ere. Arku formeroetatik doa triforioa. Erdiko nabeko zati bakoitzean lau arkupe zorrotzez osatuta dago, eta kapitel mota bereko zutabetxoei zuzenduta daude. Galeria hori idi begira doa, bereizteko elementurik gabe. Elementu apaingarri bakarra arku zorrotzen sekuentzia da. Gotikoko ezaugarri bereizgarri horri esker, leiho handiak irekitzen dira burualdean. Leiho horiek beirate moderno eta koloretsuekin apainduta daude.

Gurutzaduran izan ezik, baketa handiekiko nerbioak dituen seialdeko gurutzadura gangako bi zatiz estaltzen da nabe nagusia. Gurutzaduran erdikoa da. Horrela, absidearen estalkiarekin lotzen da eta estalkiko nerbio erradialak apaindutako giltzari bakarretik ateratzen dira. Absidean lurreraino iristen diren banakako zutabetxoetan eusten dira estalkiko nerbioak, eta nabeko pilare zilindrikoetan eutsita geratzen dira. Alboko nabeak gurutzeria ganga soilaz estalita daude eta erdikoa baino garaiera txikiagoan daude. Horietako bakoitzaren aurrez aurreko horman, beirateak dituzten bi leiho zorrotz ireki dituzte.

Elizaren barnealdeko 360º-ko panoramika. Mugitzeko, klikatu eta arrastatu edo mugitu mugikorra.

Elizako fatxada

Fatxadatik, hiru arkibolta dituen ateko bahoa baino ez da originala. Berez, fatxada oso arrunta zen. Alboan errosetoiak zituen ate zorrotza eta atearen gainean dagoen leiho zorrotza zuen.

Presbiterioa. Orreagako Andre Maria

Tenpluan, Orreagako ama birjinaren eskultura ederra nagusitzen da. Zurezko tailua da, zilarrez bildua. XIV. mendearen erdialdekoa da eta Toulousen, Frantzian, egin zuten. Eskulturaren hurbiltasuna, naturalismoa eta familiartasuna ikusita, eskultura horrek izpiritu gotikoa transmititzen du ezin hobeki.

Eserlekua eta kuxina oso landuta daude. Kuxina erronboak eratzen dituen puntuen sare trinko batekin apainduta dago eta eserlekuan hiru gingileko arkuak ditu.

Kristo Santuaren kapera

Elizako eskuineko nabean dagoen toki txiki bat da. Toki hori XVII. mendetik itxita dago hesi batekin. Tamaina naturaleko XIX. mendeko gurutze bat nagusitzen da. Horren azpian XVII. mendeko Doloretako Ama Birjinaren busto bat dago.

Eskuineko alboko nabe berean hilobi bat dago. Arkosolio erakoa da eta zirkulu batean sartutako gurutzea du apaingarritzat. Hurrengo nitxoan Eguestarren hilobia dago. Hilobi hori gabletedun arku zorrotzez inguratuta dago.


Kripta

Elizak kripta pentagonala du eta burualdea eta gurutzadurako atala hartzen ditu. Lurraren desnibel handiari aurre egiteko eraiki zuten. Lehen atala kanoi?erdi zorrotzezko gangarekin estalita dago, eta burualdea hormatalen gangarekin. Burualdeko erdiko hormataletan puntu?erdiko leihoak irekitzen dira. Nahiz eta oso hondatuta egon, oraindik ere apaingarri piktorikoak eta harlandu gotikoaren zatiketak irauten dute. Elizaren eta kriptaren arteko komunikazioa desnibel handiko eskailera batekin egiten da. Eskailera hori parpain arkurik gabeko kanoi ganga zorrotz batekin estalita dago. Horren gainean dago sakristia.


San Agustinen Kapera


Kapera hau beste izen batzuekin ere ezaguna da, besteak beste, san Agustinen dorrea, Errege Kapera eta Kapitulu Aretoa. Klaustroko ekialdeko hegalerantz irekita dago, arkupe hirukoitzean. Iruñeko katedraleko Barbazana kaperan antzeko irtenbidea aukeratu zuten.


Oin karratua du eta ganga tertzeletedunarekin estalita dago. Tertzeleteek elizakoak baino landuagoak diren nerbiodun loturak dituzte eta giltzarriak apainduta daude. Lau mentsula handik eusten diote gangari eta aingeruak irudikatzen dituzte. Tailu zakarrez eginda daude. Kaperak toki ireki txiki bat du ekialdeko horman.

Toki horrek burualdetzat dihardu eta gorago dago. Oin karratua eta gurutzeria ganga ditu. Giltzarri nagusia apainduta dago.

Kanpoaldea harlanduzko bloke kubikoa da. Gotorleku itxura ere badu eta hortik datorkio san Agustinen dorrea izena. Piramide itxurako estalkiraino iristen diren izkinei itsatsitako kontrahorma batzuek multzoa indartzen dute. XIV. mendekoa da.

Kaperako erdiko aldean Antso VII.a Azkarraren hilobia dago. 1912. urtean jarri zuten. Urte horretan, kapera konpondu egin zuten Navas de Tolosako batailaren urteurrena ospatzeko. Erregea Tuteran hil zen 1234. urtean eta haren antzinako hileta multzotik erregearen irudi etzana baino ez da geratzen. Inguruan landareen apaingarriak dituen zerrenda fin bat du, XIII. mendearen erdiaren ingurukoa. Izan ere, Teobaldo I.ak garai hartan eskatu zuen osabaren hilobia egiteko. Hilobiko oheko gainerako zatiak hiru gingileko arkuak ditu eta 1912. urtean nagusi zen gustu neogotikoari jarraitu zion.

Ekialdeko zatian gorago dagoen gela txiki bat kaperaren burualdetzat erabiltzen da batzuetan. Gela horrek gurutze ganga du eta bedeinkatzen duen Kristo bat dago. XVII. mendetik gutxienez, hesi batekin itxita dago. XX. mendearen hasieran kateak eta mazoak jarri zituzten, Navas de Tolosako batailaren (1212) ehungarren urteurrena ospatzeko. Izan ere, Antso Azkarrak parte hartu zuen bataila horretan. Horregatik guztiagatik, 1922. urtean kapera berritu zuten. Lan horien emaitza dira itxura modernoa duten elementu gehienak, bai eta beirateak ere.

Lurrean, kaperaren sarreran, Gartzia Juan de Biguria priorearen oroitarria dago (1327 – 1346).

Bestalde, san Agustin kaperan hainbat eskultura dago Iruñeko katedraleko klaustroko lanekin lotura dutenak. Hain zuzen ere, bi kapitel daude, jatorrizko bekatua eta paradisutik botatzea irudikatzen dutenak. Klaustro gotikoaren zati bat osatzen dute. Era berean, Antso VII.a eta haren emazte Clemenciaren estatua otoizlariak nabarmentzen dira. Kapera txikiko nitxoetako batean daude.


Kolegiatako Klaustroa


Klaustroak oin karratua du eta elizari atxikita dago epistolaren aldetik. Aurreko klaustroa ordeztu zuen, hots, 1600. urtean egondako elurtearen pisuaz eroritakoa. Huarte lizentziatuak klaustroko dekorazio fina Iruñeko katedraleko klaustrokoarekin alderatzen du bere kronikan. Antzekotasun hori sinesgarria da, tenplu bien arteko sorrerako erlaziogatik.

1606. urtetik aurrera, egungo klaustroaren eraikuntza guztiz dokumentaturik dago. Urte horretan eskatu zituzten trazatuak.

Hala ere, lanak ez ziren 1615. urtea arte hasi, eta gutxienez 1661. urtea arte iraun zuten.

Klaustroak oin karratu baina irregularra du. Irregulartasun hori aurretiko bistetara ere transmititzen da. Izan ere, aurretiko bistek solairu bakarra dute, hainbat zabaleratako hormarteekin, hainbat tamainatako kontrahormekin eta hainbat argitako arkuekin. Hiru hegaletako batek estalki zapala du, zurezko habez eta sekzio angeluzuzeko parpain arku zorrotz handiz osatua. Estilistikoki, arku horiek aurreko mendeetara garamatzate. Hala ere, arkuen sendotasuna erresistentzia lortzeko erabili zuten. San Agustinen kaperarantz irekitzen den ekialdeko hormartea puntu erdiko parpain arkuen gurutzeria gangarekin estalita dago.

Klaustroko hormetan, arku zorrotzezko zenbait hobi aurkitu dituzte. Lehengo klaustro gotikoaren arrastoak dira.


Izpiritu Santuaren Kapera

Kapera Karlomagnoren silotzat ere ezaguna da. Izan ere, tradizioaren arabera, errege frankoak Errolanentzat eta Orreagako guduan hil ziren beste zaldun batzuentzat eraikitzeko agindu zuen.

Kapera aldaketa askorekin iritsi bada ere, badirudi toki horretan gordetzen den eraikin zaharrena dela. Kapera horretan zaintzen zuten Errolanek bere ezpatarekin zatitu zuen harria. Hala ere, nahiz eta heroi horren oroitzapenari loturik gorde den, horrek ez zuen eragotzi kaperak toki sakratuaren funtzioa betetzea.

XII. mendeko lana dela uste da. Hezurtegitzat erabiltzen zen putzu batean egin zuten, harlanduzko hormekin eta material bereko kanoi erdiko gangarekin. Putzuaren gainean kapera bera jartzen da. Oin karratua eta gurutze ganga arrunta ditu. Espazio hori lurra baino gorago dago. XVII. mendean klaustro txiki bat eratu zuten hor. Hiru albotan harrizko arkupea du eta kalonjeak lurperatzeko balio zuen harresia ere badago. Arkuak puntu erdikoak dira eta goiko inpostadun pilare laukietan jarrita daude.


Done Jakueren Eliza

Done Jakueren kapera Karlomagnoren siloaren alboan dagoen XIII. mendeko kapera gotiko txikia da. Oin angeluzuzeneko eraikin xume bat da, burualde zuzenekoa eta gurutze ganga soilarekin. Fuste zilindrikoa duten zutabe arrunt batzuk estalkiaren euskarritzat erabiltzen dira.

Kanpoaldea oso arrunta da eta harlandu irregularreko hormak dituzte, kontrahormarik gabe. Arku zorrotzen portada eta krismoia ditu.

XVIII. mendea arte parrokiatzat hartuta, eliza txiki horretan ez zen kulturik egin, Florencio Ansoleagak XX. mendean berritu zuen arte. Atean dagoen idi begia ireki zuen eta erromesen kanpaia sartu.


Itzandegia

Gotikoaren hasierako eraikina da (XIII. mendea).

Done Jakueren eta Izpiritu Santuaren kaperen parean dago. Kondairak Orreagako Andre Mariaren santutegiarekin identifikatzen du, edo, behintzat, Andre Maria agertu zen tokiarekin, hau da, irudia utzi zuten tokiarekin.

Sei zatitako oin angeluzuzena da. Parpain arkuek eusten zioten estalkiei eta kanpoko aldea harlandu irregularrekoa da.

Jatorrizko funtzioa zein zen ez dakigu. Izan ere, XVI. mendearen ondorengo dokumentazioan lastategitzat, zalditegitzat eta mirabeen etxetzat azaltzen da. Hori ikusita, badakigu zergatik desitxuratu diren egitura eta eraikinaren itxura.

Itzandegia berritu eta egokitu egin zuten 1993. urtean. Egun, erromesen ostatutzat erabiltzen da.


Liburutegia eta Museoa

Orreagako liburutegia eta museoa priore etxearen alboan dagoen eraikin batean daude. Bloke horizontala osatzen dute. Eraikin honekin, hiru maila dituen multzoa eta idi begien atikoa eratzen da. Bigarren gorputzean arku bat irekitzen da, pilastra ildaskatuen bidez. Pilastra horiek gustu eklektikozko motiboak dituzte.


Museoa

Liburutegiko eraikineko beheko solairuan dagoen museo txikian kolegiataren adierazgarriak diren arte objektu ugari biltzen dira. Objektu horien artean, eskulturako eta pinturako nahiz urregintzako objektuak daude. Era berean, altzariak, tapizak, monetak eta bibliografiarako interes handia duten liburuak daude.

Eskultura

Eskulturaren atalean, eserita dagoen emakumezko baten irudia nabarmentzen da. XIV. mendeko gotikokoa da. Era berean, san Mikelen tailu garrantzitsu bat dago, XVI. mendearen bigarren hiruhilekokoa.

Bestalde, kolegiatako erretaula nagusiko zati ziren erliebe eta estatua batzuk daude museoan. Erretaula hori 1618. eta 1624. urteen artean egin zuten, eta eliza berritzean desmuntatu zuten. Berriz ere zatika antolatu zuten Esako parrokian.

Eskulturaren kapitulua XVIII. mendeko bolizko gurutzatu barroko batekin amaitzen dira.

Pintura

Gurutziltzatzearen triptikoa nabarmentzen da. XVI. mendeko Europako iparreko eskolako estiloa du eta Jeronima Jimenez Espartzak 1720an laga zion kolegiatari. Jatorriz Flandeskoa dela dirudi.

Beste pieza garrantzitsu bat Familia Sakratuaren taula da. Luis de Moralesek egin zuen eta Salamancako katedral berrikoaren antza du, batez ere erdiko taldeari dagokionez.

XVII. mendearen lehenengo erdiko done Laurendiren martirioaren mihise eder bat dago. XVII. mendeko lehenengo zatiko barroko estilokoa da. Mendearen erdikoa da Juditen mihise interesgarria. Holofernesen burua darama.

Hemezortzigarren mendeko pinturaren adierazle gisa, San Josefen ametsa izeneko margolana dago. Done Laurendiren martirioa bezala, Las Hormazasko markesak eman zuen, hil zenean (1827. urtea). 1748. urteko data eman zaio Maria, Magdalena eta san Joan dituen kalbario bati. Kalbarioa Bounocare Napolik sinatu zuen.

Beste zenbait piezari dagokienez, Pasioaren erretaula txiki baina interesgarri bat aipatu behar da. XVI. mendeko Errenazimendukoa da eta esmaltean egina dago. Egun, berritzen ari dira.

Urregintza

Kolegiatak duen zilarrezko bildumak estatuan nahiz Europan garrantzitsua den piezaren bat du. Lehenik eta behin zilar urreztatuko kutxatila eder bat du. Filigranazko lan fin batekin estalita dago eta 1274. eta 1328. urteen bitarteko data du. Zati bat urreztaturik duen zilarrezko beste kutxatila bat ere badago. XVI. mendeko data du eta Erdi Aroko medailoiak eta erliebeak dituelako da interesgarria. Kutxatilei dagokienez, zilarrezko eta nakarrezko beste bat da azkena. Besteak baino handiagoa da eta XVI. mendearen bigarren erdikoa da. Era berean, zati bat urreztatuta duen zilarrezko makila bat nabarmentzen da. Baliteke Antonio Ruiz Cabal Iruñeko apezpiku zenak 1899. urtean eman izana.

Heldulekutzat erabiltzen ziren piezen artean, zilar urreztatuko kalizak nabarmentzen dira. Horietako bi XVI. mendekoak dira eta beste bi XVII. mendearen hasierakoak. Estilo neoklasikoa duten beste bi lan XVIII. mendearen amaierakoak eta XIX. mendearen hasierakoak dira. Atal honetan, zilar urreztatuko ziborio eta ekisaindu den pieza nabarmendu behar da. Egun, beste itxura bat du gainjarritako horrenbeste elementurengatik.

Orreagako museoak itxura inperialeko bi koroa pare ditu: bata, zilarrezkoa, Altxorraren Andre Mariari dagokiona, eta, bestea, apaingarri zizelkatuak dituena.

Zilar urreztatuko prozesioko gurutzea on Frantzisko Nafarroakoak kolegiatari egindako beste opari bat zen. 1578. urteko inbentarioan jaso zuten lehen aldiz. Hor cruz guionada izena eman zioten.

Beste pieza txikiago batzuei dagokienez, bi eskultura txiki nabarmendu behar dira. Garrantzitsuenak Virgencita del tesoro izena du. Haurra eserita duen Andre Mariaren zurezko tailu bat da. Zilarrez bilduta dago, aurpegia eta eskuak izan ezik. Gotikoa da, hain zuzen ere XIV. mendearen bigarren erdikoa. Beste eskultura bat san Mikel irudikatzen duen zilarrezko molde lana da.

Zati batean urreztatutako zilarrezko ebanjeliarioa Orreagako altxorreko eta Nafarroako Erdi Aroko urregintzako pieza berezia da. XIII. mendeko bigarren laurdeneko data eman zaio eta Erromanikotik Gotikoranzko doan garaiko adibidea da. Berriz ere, katedraleko kabildoaren eta kolegiatakoaren arteko paralelismoa antzematen da, erakunde biek mezetarako objektu aberats hori baitzuten.

Orreagako altxorra deritzonaren barruan, erlikia ontziak nabarmentzen dira. Batez ere Karlomagnoren xake jokoa izenekoa. Damajoko erara jarrita dagoelako du izen hori. Pieza hau, kronologikoki eta estilistikoki XIV. mendeko bigarren erdiko gotikokoa da. Zurezko arima du eta zati batean urreztatutako zilarrezko xaflekin, esmalte gardenez eta beiraz bilduta dago.

On Frantzisko Nafarroakoak hil eta geroko utzitako ondareko beste pieza bat zilar urreztatuko Arantzen erlikia ontzia da. Erlikia hori aldareko gurutze bat da. Gurutzeak aldaketa ugari izan ditu denboran zehar, baina ez dute valentziar erako egitura originala ezkutatzen.

Museoan urregintza zibileko adibide bat ere badago: urreztatutako zilarrezko tabako zorro bat. 1760. urtearen inguruko data du. Pieza horrek rococo estilotik klasizismo estilorako aldaketa irudikatzen du.

Azkenik, urregintzako piezen artean, Miramamolinen esmeralda ospetsua dago. Kondairaren arabera, Antso VII. Azkarrak errege mairuari durbantea kendu zion Navas de Tolosako batailan. Orduz geroztik, Nafarroako ezkutuari gehitu zitzaion sinbolo gisa.

Liburutegia

Liburutegi kapitularra ez dago jendearentzat zabalik. Bertara sartzeko, beharrezkoa da aurretiaz eskabidea egitea azterketa- eta ikerketa-helburuekin. Kapitulu liburutegian gai guztiei buruzko 15.000 liburuki baino gehiago daude, nahiz eta teologiako, filosofiako eta elizaren historiako gaiei buruzkoak nabarmentzen diren. Liburukiak hainbat hizkuntzatan daude: hebreera, greziera, latina, euskara, bai eta txinera ere. Pieza garrantzitsuenetako batzuk kolegiatako museoan daude ikusgai, hala nola La Pretiosa XIV. meneko kodizea.

Desamortizazioaren garaian dokumentazioaren zati handi bat artxibategi ofizialetara eraman zuten arren, artxibategi historikoko zati handi bat gordetzen da oraindik ere. Artxibategi hori ospitalea egon den ia bederatzi mendeetan eratu zen. Kolegioko instalazioetan gordetzen den dokumentazio funts horretan, beteak beste, pergaminoak, administrazio liburuak, barruko historiari buruzko dokumentuak, kapitulu bizitzak kanpotik jasotzen duen eraginari buruzkoak eta abar daude.


Kultur
Ondarea