Roncesvalles-Orreaga

Orreagako
Historia


HISTORIAURREA ETA AITZIN AROA

ORREAGA, PASABIDEA ETA HISTORIAKO BIDEA

Duen kokapen estrategikoari esker (Pirinioen erdi-erdian), funtsezko gune bilakatu zen Orreaga hasiera-hasieratik, Pirinioetako mendikatea zeharkatu nahi zuten bidaiarientzat nahiz soldaduentzat. Hala, mota guztietako jendearen elkargune izanik, hainbat kulturek bat egiten zuten bertan. Dena den, batik bat igarobidea izan zenez, gehienetan ez da adierazgarria izan joan etorrian jendeak herrietan utzitako kultura ondarea.


Roncesvalles-Orreaga
Aizpeako emakumea (Aribe). 6660 urteko antzinatasuna duela kalkulatu da. Nafarroako Museoa.

Erromatarrek -ingeniari abilak eta Europa osoa zeharkatzen zuen ibilbide osatua egiten adituak- eskualde hau aukeratu zuten Galietatik penintsulako mendebaldera zihoan bide erromatarra -“Bordele – Astorga” bide famatua- eraikitzeko; eta iraganean ere leku hori bera igarobide gisa erabili zela adierazten ei du horrek. Horren froga dira inguruetan geratu diren arkeologia aztarnak, historiaurrean jende andanak sartu zirela egiaztatzen baitute.

Paleolitiko amaieran, hots K.a. 10.000. urte inguruan hasi zen lurraldea jendez betetzen; halaxe erakusten dute hurbileko esparruetan dauden arrasto materialek eta Baztango iparraldearen eta Nafarroa Beheraren arteko antzeko fisionomiak.

Roncesvalles-Orreaga
Harrespila Sorogainen / Trikuharria Soroluzen

Brontze eta Burdin Aroetarako, ehiztari erdi nomadak sedentario bihurtzen joan ziren; hala, argi antzematen da ordurako giza taldeek Orreagako esparrua eta inguruko lurraldeak zituztela bizileku. Horrexegatik, hain zuzen, ageri dira eremu horretan barreiatuta aztarna megalitiko ugari. Megalitismo hitzaz zera eman nahi da aditzera, hilobi monumentuak edo harrizko erritualak -alegia, dolmen direlakoak- daudela naturan han eta hemen. Orreaga ingurukoak penintsula iparraldeko dolmen motaren azpiatal bati dagozkio, hain zuzen ere, “Urepel – Ibañeta – Orbaizeta” deritzon azpiatalari.

sparru horretan nahiko egonkorrak ziren giza taldeez gain, beste talde batzuek ere izan zuten aztarna ugaritasunean eraginik; bada, Pirinioak igarotzeko leku aproposa izanik, beste talde asko ere heldu baitzen Orreagarantz. Hala, “Zelten inbasioak” direlakoetan, Pirinioen alde hau izan zen penintsulara sartzeko bideetako bat. Zeltek hiria eta gizartea antolatzeko modu berriak ekarri zituzten, eta herrialde aztarnarik ez badago ere, zenbait “harrespila” utzi zituzten (hilobia inguratzen duten harriak zirkuluan jartzean datza hilobi ohiturari uztarturiko monumentu megalitiko hori). Horietako batzuk Urkuluko hegoaldeko magaletan ikus daitezke.

Giza talde hori -zenbaitetan uste izan dena baino konplexuagoa eta antolatuagoa- gure aroko hasieran jarri zen mundu erromatarrarekin harremanetan. Erromak -garraio beharrei erantzun nahian, eta, ohi zuenez, bide sareak eraikitzeko garapen politikari eutsiz- harrizko galtzada egin zuen Pirinioetako antzinako bideetan. Erromatartutako baskoien Iturissa herrikoak dira inoiz baino iparralderago topatu diren aztarnak, Aurizperriko udalerrian, Orreagatik oso gertu beraz. Bide erromatarraren ertzean, berriz, Summo Pyreneo delakoan gailenduz, erromatar garaikur dorre bitxia ageri da, mendateen zaindari.

Pirinioetako bidea sendotuz doa ezari ezarian, eta hango bideak hainbat gertakariren lekuko dira; horien artean ditugu, besteak beste, legio erromatarren igaroaldia, hainbat bidaia, barbaroen inbasioa, bisigodoen gudarostea, tropa musulmanak Poitiers-eko porrotara bidean, alde bateko zein besteko kristau enbaxadak, eta Erdi Aro garaiko Frantziako armada ospetsuena, alegia, Karlomagnorekin 778an Pirinioak zeharkatu zuen zalditeria eta segizio liluragarrienetatik liluragarriena.


VIII MENDEA

ORREAGAKO BATAILA (AÑO 778)

Orreaga inguruko lurrak betidanik komunikazio bide garrantzitsu izan badira ere, bereziki famatu egin ziren Karlomagnok Espainian egindako kanpainan. Atzeranzko bidean, Zaragozako bataila galdu ostean, Errolan heroia eta frankoen ejertzitoaren atzeguardia garaitu egin zituzten Luzaideko sakan barrenean.


Roncesvalles-Orreaga
XIX. mendeko grabatua. Karlomagno, Roldan zalduna deitoratzen.

VIII. mendean bi herriren arteko gatazkak bilakatu ziren Iruñea aldeko ezaugarri nagusi, batetik musulmanak zeuden -herriko zenbait familia garrantzitsuri nahiko lotuta-, eta, bestetik, frankoen erreinua -penintsulako zenbait kristau talderi uztarturik. Testuinguru horretan barneratu 778ko udan Karlomagno handiaren espedizioa Nafarroako lurretan, eta, Zaragoza helburu bazuen ere, berebiziko eragina izan zuen gertakari horrek Iruñeko lurretan; izan ere, Zaragozako bidean Iruñeko harresiak hautsi zituen, Zaragozan huts eginez gero, arriskurik ez izateko etxerako itzuleran.

Aragoiko hiriburuan porrot egin ostean, itzultzeko bidean zirela, Pirinioak igotzen hasterakoan, Luzaide inguruan, frankoen ejertzitoaren atzeguardia, Errolan buru zuela (Frantziako hamabi pare zaldunetan maitatuena) erabat suntsitu zuten gaur egun oraindik ere ezezagunak diren gudaroste batzuek. Kondairak dioenez, Roldanek marfilezko olifantea joarazi zuen gainerako ejertzitoa ohartarazteko, eta bera eta haren hamabi paladin inperialak zauritu zituztenean, uretara bota zuen “Duradan” ezpata loriagarria, ez zezan etsaiak eskuratu.

Erantzuteke dagoen galdera da, halaber, bataila zehazki non gertatu zen. Kondairak urteen joan etorrian utzitako kontakizunari jarraikiz, Errolan zaldunak olifantea jo zuen Ibañetako puntan hil arte; haren enperadorea, Karlomagno, berriz, lur jota geratu zen bataila gunera itzuli eta haren gizon guztiak lurrean topatu zituenean.

Ez dakite ezta ere zeintzuk ziren garaileak. Historialariek hiru hipotesi dituzte eskuartean. Lehen hipotesia baskoien eta musulmanen arteko koalizioaz mintzo da; bigarrena Pirinioetako bi aldeetako baskoi taldeaz, eta hirugarrena Pirinioetako beste aldeko baskoiez, Akitanian frankoak eskuratzen ari ziren indarrari aurre egin nahian.


IX MENDEA

ERROMESALDIARI EKITEN ZAIO

Jakin badakigu IX. mende hasieran hasi zirela Done Jakue gurtzen eta gorpuzkiak jauresten; ez dakigu, ordea, noiz hasi ziren erromesaldiak. Nolanahi ere, X. mende hasiera arte, alegia, kristau monarkia sendotu zen arte, ez zen erromesaldia nahikoa seguru bihurtu.


Sarritan, Antso III Handiari (1004-1035) egotzi zaio Santiagora doan bidearen “ibilbide berria” -aurrerantzean erabiliko zena- finkatzea. Aitzitik, gaur egun badakigu Antso I.a Gartzesek (905-925) finkatu zuela galtzada erromatarretik Iruñera eta handik Najerara doan Done Jakueren bidea, “izarren bidetik” mendebalderantz daramana. Horrekin batera, gainera, musulmanek eskuratutako lurretan hedatzera bideratutako kristau monarkia antolatu zuen; eta, xede hori lortzeko, harreman sendoak ezarri zituen penintsulako gainerako kristau lurrekin.

Summo Pyrineo delakoan erromesei laguntza emateko tokiren batetaz mintzo diren lehen berriak XI. mendeko hirugarren laurdenekoak dira, hain zuzen ere, Iruñeko erregeek, Antso Peñalengoak bereziki, Leireko monasterioari (Jakako bidearen Nafarroako sarrera kokatutakoa) erromesak zaintzeko ardura eskaini ziotenean. Leireri San Salbatoreko monasterio txikia eman zioten (ez dakigu zenbat denbora lehenago eraikia) Ibañetako tontorrean bertan (ermita da gaur egun). Batzuetan “Karlomagnoren kapera” edo “Errolanen kapera” izenak izan zituen eraikuntza zahar hartatik ez da aztarnarik gorde.

Zernahi gisaz, Nafarroa eta Aragoi denboraldi batez batu zirenean (1076-1134), dinastiak berriak Somporteko Kolejiatari eskaini zion zeregin hori (Tolosako ibilbideko erromesen beharrei erantzuten zien kolejiata horrek Aragoin sartzean), eta Ibañetako jaitsieran zegoen aterpetxe txiki baten jabe izan zen XII. mendeko hasieratik.

Urte batzuk igaro ziren Iruñeko apezpikuak erromesei laguntza eskaintzera bideratutako politikari ekin arte; izan ere, ordu arte, aipatu berri ditugun bi guneen -Ibañetako San Salbatoreko monasterioaren eta Somport-eko Kolejiataren- ardurapean zegoen garai horretako erromes talde etengabeei arreta emateko zeregina, erromesaldiaren sarrera gune nagusian.


XII MENDEA

ERROMESENTZAKO OSPITALE BERRIA

1127. urtean, Iruñeko apezpikuak, Antso Larrosako prelatuak, Orreagako inguruetan klerikoz eta laikoz osatutako kofradia bat sortzea erabaki zuen, erromesez arduratzeko. Zenbait gorabehera politikok hasiera batean ospitale txikia izango zena garrantzi handiko atentzio gune bihurtzearen alde egin zuten.


Nafarroa eta Aragoi 1134an bereiztu zirenean, Somport eko kolejiatak eta Leireko monasterioak ondoko erresumaren alde egitea aukeratu zuten, eta Gartzia Ramirez errege berriak Orreagako monasterioa bultzatzea erabaki zuen, auzokoen kalterako. Erregeak Antso apezpikuak aterpetxea eta eliza zuzentzeko kalonjeen kabildoa eratzea lortu zuen bai eta hainbat errenta sortzea ere, inguruetako aranetan eta Iruñearen inguruko hainbat lekutan. Hortaz, 1135. urtean, ospitale txiki baten moduan hasi zena erlijio gune garrantzitsu bilakatu zen gero.

Denbora igaro ahala, errege bera eta ordezkoak, haren babesle ziren apezpikuak, Nafarroako nobleak eta baita erromes eskerdunak ere finka eta errenta txikiak ematen joan ziren Orreagan bertan edo Nafarroako beste leku batzuetan.

Oparotasun eta oparoaldi ekonomiko horrek Sancti Spiritus kapera eraikitzea ekarri zuen berekin eta, beharbada, lehenengo ospitalea ere, gaur egun inolako arrastorik utzi ez duen arren. Ospitale hori XIII. mendeko Orreagako Poeman aipatzen dute.

Orreagako antolakuntza Iruñeko katedralarenaren antzekoa da. Orreagako kabildoa San Agustinen erregelarekin bat antolatuta zegoen, priore baten zuzendaritzapean.


XIII MENDEA

ORREAGAREN GOREN ALDIA

XIII. mendea oso garrantzitsua izan zen Nafarroarentzat, eta hazkunde eta zabalkuntza handia ekarri zizkion Orreagari. Gorantz doan prozesu horren eraginez, kabildo independente eta indartsu gisa sendotu zen, eta XIV. mendean jarraituko duten jabetzak eta eliza eskubideak handitu ziren.


XII. mendeko bukaeratik, Antso VII.a Azkarraren babesa izan zuen kolejiatak. San Agustinen kaperan dago haren hilobia eta Nafarroako beste noble batzuena. Kolejiatak errenta kopuru geroz eta handiagoa izatea ekarri zuen horrek. Bertako erlijio komunitatea garrantzi handiagoa hartzen joan zen gainera, katedraleko kabildoaren kontra borroka latzak izan ostean. XIII. mendearen erdialdetik aurrera, eraztuna, makila eta bestelako ikurrak erabiltzeko pribilejio pontifikala zuten Orreagako prioreek, beste edozein apezpikuren antzera. Horrela, Orreagako apezpikuaren ondorengo gizonik garrantzitsuena eta erregearen aholkularietako bat bilakatu zen Kabildoko priorea Nafarroan.

Kolejiatak Iruñeko Kabildoaren aurrean bere independentzia baliarazi behar izatea zen Orreagak Iruñeko egoitzarekin zituen gatazken eragile nagusia. Hainbat auzi eta alegazio izan ostean, Kolejiatak irabazi zuen, eta XIII. mendearen bukaerarako San Agustinen erregelaren kalonje elkarte bat zegoela agerian geratu zen. Kalonje erregeladunek biziarteko priorea aukeratu eta askatasun osoz gobernatzen zituzten euren ondasunak.

Orreagak aberastasun eta garapen handiak izan zituen, eta bere zerga biltzaileen sistema eta administrazio organigrama antolatu ahal izan zituen. Enkomienda zen sistema horren funtsezko unitatea. Orreaga Nafarroako mugetatik harantzago iritsi zen, eta, fededunen emariei eta opariei esker, penintsulan hainbat jabetza izatea lortu zuen. Horien artean, Villagrako Hiribilduaren (Leon) errege emaria azpimarra daiteke, bai eta Luimil lekuarena (Castelomendo), Portugalen. Pirinioen beste aldeko jabetzarik garrantzitsuenak Londreseko Charing, Boloniako Maria Mascarella eta Tolosako hainbat ondasun izan ziren.

Oparotasun ekonomikoko garai hura inguruko monumentuen multzoan islatu zen. Distira eta zabalkuntza etapa horretan kokatzen dira Done Jakueren eliza, ospitale itxurako eraikin izugarria (Itzandegia) eta Santa Mariaren eliza, kolejiataren erdigunea. Orreagaren aberastasuna hainbat obra egin ondoren handitu zen, horren erakusgarri ditugu, zilarrezko ebanjelarioa eta filigranaz urreztatutako zilarrezko kutxatila. La Pretiosa kodizean garbi ageri da hazkunde garai hura, sasoi haietako dokumentuen kopia biltzen baitu.


XIV MENDEA

ORREAGA, BIZITZA POLIKOAREN LEHENTASUNA

Hazkunde aurreko prozesuak benetako babes ekonomikoa eman zion kolejiatari, eta XIII. mendearen bukaerarako bertan 60 bat pertsona bizi zirela diote estatutuek. Orreagako egoera hain zen ona non eta Koroari dirua mailegatzeko egoeran baitzeuden. Ordutik aurrera, ondarea handitzeko joera eten egin zen, eta ordu arteko jabegoak kudeatzeari bideratu zituzten ahalegin guztiak.


Iruñearekiko eztabaidak bukatu, eta, ezarri zenez, Iruñeko Kabildoak handik aurrera ezingo zuen Pirinioetako gobernuan priorearen aukeratzeko prozesuan parte hartu; hala, apezpikuaren onespena besterik ez zen beharko; XIV. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, berriz, Aita Santuak berretsiko zuen hauteskunde emaitza. Gorabehera horien eraginez, behin betiko garrantzia eskuratu zuen Orreagako prioreak, Nafarroako apaizen artean nahiz erresumako bizitza politikoan.

XIV. mendearen lehenengo erdialdean, Kolejiatako funtsen administrazio eta banaketaren arloan hasi ziren Orreagako priorearen eta kabildoko beste kideen arteko errietak, priorearen agintearen abusuengatik, itxura denez, arbitrarioki erabiltzen baitzuen botere hori, ondarea administratzeko garaian.

XIV. mendearen azkeneko herenean konponduko zen behin betiko kabildoaren barne gatazka: bertako kideak kalonjeak zirela onartu zen. Priorea pozik geratu zen beste erabaki horri esker, errentak administratzeko boterea ematen baitzion, elkarteak zenbait sarrera finko ezarrita bazituen ere.

XIV. mendearen bukaeratik aurrera, kolejiatako prioreak aktiboki sartu ziren erresumako bizitza politikoan. Batez ere, harreman pertsonaletan, negoziazioan eta diplomazian oinarritzen zen Karlos .III.a erregearen kudeatzeko eta gobernatzeko modua. Orreagako prioreek nabarmen indartu zuten Koroako boterea Karlos III.aren garaitik aurrera, eta Elizaren zismaren (1417an bukatua) gaineko kontu guztietan erabili zuen botere hori. Alabaren zerbitzura, alegia Blanka erreginaren zerbitzura egon ziren gero, idazkari pertsonal eta enbaxadore gisa, eta beranduago Karlos printzearenean ere, Joan II.a erregearen ordezkari izan zirenean.

XIV. mendearen hirugarren herenetik aurrera nolabait behera egiten hasia zela igarri zitzaion kolejiataren ondare itzelari. Orreagak Nafarroako ondasunak kudeatzen jarri zuen arreta, bestelako jabetzak galtzen joan baitziren, hainbat gatazkarengatik eta urruntasunarengatik. Lehenengo aldiz, kolejiata ez da jadanik mailegu emailea eta berak eskatu beharko ditu maileguak, kaudimena izateko.

Behin gerra zibila hasita, prioretza agramondarren edo beaumondarren aldeko apaizen eskuetan uzten saiatu ziren Joan II.a nahiz semea. Gerra bukatzearekin bat, erresuman beaumondarren bat ezartzea ezinezkoa zenez, Orreagako prioreak gortean zuen lehentasunezko postua galdu zuen. Eztabaida politiko horien konponbide salomonikoak beaumondarrak eta agramondarrak prioretzan txandakatuko zirela xedatu zuen, eta horrek kolejiataren egoera egonkortu zuen XVI. mendean, nahiz eta kolejiatak hondamendi itxura izan. Une jakin batean nahitaezko bihurtu zen erreforma egitea, baina ez zen erresuma normaldu arte iritsiko, 1512tik aurrera.

Orreagara XV. mendean iritsitako piezen artean, Altxorraren Ama Birjina da nabarmengarri. Aldi horretakoak ere dira Orreagako Ama Birjina eta Karlomagnoren Xake Jokoa delakoa, XIV. mendearen bigarren erdialdeko erlikia ontzi gotiko orijinala.

Arkitekturari dagokionez, aldi horretakoa da elizako dorrea. Azpimarratzekoa da, orobat, elizan ezagutzen diren lehenengo bi suteak ere mende horretan gertatu zirela, orain arte berreraiki ez bada ere.


XVI-XVIII MENDEAK

ERREFORMA HANDIA

Aurreko mendeko une gogorren ostean, mende bizia dator, Frantzisko Nafarroako priorearen agintepean. Prioreak Martin Azpilikuetaren -garaiko kulturaren munduko beste kide garrantzitsu baten- aholkuei jarraituz, politika mailako nahiz ospitaleko nahasteekin bukatzea erabakitzen du.


Roncesvalles-Orreaga

Frantzisko Nafarroakoa unibertsitateko intelektuala zen, eta erbestetik iritsi zen Orreagara. Ekonomiaren administrazioan, egonkortasuneko aldia hasi zuen, XIV. mendearen bigarren herenean; hiru mendez iraun zuen aldi horrek. Martin Azpilikuetaren -Orreagako kalonjea izateaz gain nazioarteko ospea zuen legegizona zenaren- aholkupean, kolejiatara oraindik iristen ziren errenta ugariak kudeatu eta banatzeko modu berria onartu zuen 1531n. Berriztapena honakoan oinarritzen zen: diru sarrerak hiru zati berdinetan banatzean: bata priorearentzat, bestea kabildoarentzat eta hirugarrena eraikinak mantentzeko, eraikitzeko eta berriztatzeko beharrei aurre egiteko.

Politika ekonomiko berri hori erromesen beherakadari gaineratu zitzaion, eta, ondorioz, errenten hirugarren zati ia osoa kolejiatako arkitektura ondarea berriztatzeko erabili ahal izan zen. Hortaz, 1600. urtean elurraren pisuak klaustro gotikoaren sabaia hondorarazi zuenean, ez zen arazorik izan beste bat berehala egiteko.

Beste alde batetik, Espainiaren eta Frantziaren arteko etengabeko gerrek Frantziako interesak likidatzeko beharra ekarri zuten, eta mugaz bestaldeko ondasunak Nafarroako interesen ordez trukatu ziren. Frantziarekiko borrokengatik ez ezik, Europako mendebaldeko kristauen banaketarengatik murriztu zen erromesen kopurua.

Erromes etorrera oso txikia bazen ere, kolejiataren oparotasun ekonomikoak eraikuntza berriak egiten lagundu zuen. Eraikuntza bat egin zuten benefiziodunen etxeak egiteko. Benefiziodunak Elizako hierarkian kalonjeen azpitik zeuden apaizak ziren.

XVII. mendean ere ostatua eraiki zen, eta XVIII.aren bukaera aldean antzinako errota. Testuinguru horretan, ez da arraroa ospitale berria eraikitzea XVIII. mendearen bukaeran.


XIX MENDEA

IRAUPEN ZAILA

1789ko iraultzak monarkia hondatu zuen, bai eta azkeneko mendeetan Europako erregimenak oinarritzat hartutako printzipioak ere. Horren ondorioz sortu ziren gerrako jazoerei dagokienez, Orreagak eta inguruko aranek biziki pairatuko zituzten gerra ugarien gorabeherak.


Orreagako ospitalearen mugako kokaleku estrategikoa dela eta, kuartel gisa erabili zuen Ventura Caro jeneralaren ejertzitoak, eta kabildoak lehenengo aldiz gelak utzi behar izan zituen ezinbestean.

Behin gerra bukatuta, etsipena ageri zen nonahi; hala, kolejiata birgaitu behar izateaz gain, inguruko herriei laguntza eskaini behar izan zien kabildoak, haien elizak eta etxeak kolejiataren mende baitzeuden. Egoera horrek diru sarrerak banatzeko beste modu bat eskatu zuen.

Errentak banatzeko modu berriaz, beste ospitale bat eraikitzeko proiektuari ekin zitzaion berriro, une horietan premiazkoagoa baitzen, eraikin zaharrak hondatu eta gero. Eraikuntzen proiektua berriz ere eten zen, ordea, 1808an Napoleonek inbaditu arte.

Orreagako gunea kuartel gisa berriz ere erabili ondoren, 1819an eraiki zen Priore Jauregia, kalonjeentzako bizitoki berria. Independentzia Gerraren osteko urteak lasaiak izan ziren hainbat gertakari iritsi arte: 1820ko iraultzaren zurrunbiloa, hurrengo urteetako absolutismoaren beherakada, azkenean, karlistadak eta Isabel II.aren erregimen liberalen ondasunak desamortizatzeko asmoak. 1844tik 1866a arte, elkartea bera behera egiten hasi, eta desagertzeko zorian ere izan zen.


XX-XXI MENDEAK

SUPERRALDITIK GAUR EGUNGO EGOERARA

XX. mendearen ezaugarria lasaitasuna izan da. Honako gertakariak errepikatu dira ehun urte hauetan: kalonjeen eta prioreen izendapenak, estatutuak berriztatzeko zenbait proiektu, irakaskuntza jarduerak, laguntza jardueraren lan urria -erromesaldia mendearen bigarren erdialdean pixkanaka berrindartzean handitu dena- eta abar. Hala ere, 1970eko hamarkadan, eta elkarte erregeladunaren beste beheraldi batekin batera, kabildoko jarduerak gobernatzen zituzten arauak biziki berriztatu ziren. Berriztatze horrekin batera, halaber, Done Jakueren bideak indarra hartu zuen berriz ere, espero ez bazen ere, eta erromeria ugaritan ikus daiteke Orreagako Ama Birjinaren gurtza


1983. urtean beste sasoi bat hasi zen Orreagaren historian. 1979an hasitako prozesu luzearen ostean, kabildo erregeladuna kabildo sekular bilakatu zen, eta kalonjeek apaiz sekularren arau berak izango dituzte. Aldaketa horren xedea Orreagaren eliza bizitza sendotzea zen, nahiko ahul baitzebilen urteetan. Inguruko herrietako parrokiez arduratzen diren apaizak daude orain kabildoan, eta kolejiatan bertan edo euren ardurako herri horietan bizi dira normalean.
Bideko Lagunen Elkarteen artean aitzindariak izan ziren Nafarroakoak, eta Done Jakueren mugimendua berreskuratzeko prozesuari hasiera eman zioten, erakunde zibilen nahiz eliztarren laguntzaz. Ahalegin horien gailurra Compostelatar urte santuan (1993) izan zen zalantzarik gabe, erromes asko eta asko joan baitzen oinez Santiagora. Done Jakueren bidearen goraldi horrek kolejiataren bizitza suspertu zuen, eta, besteak beste, Priore Etxean egin den erromesarentzako arreta guneko bulegoan gauzatu da.

Erromesek Nafarroan sartzeko bidea izan ez ezik, kolejiata kulturari eta naturari lotutako hainbat ibilbideren abiapuntua da inguruko eskualde piriniarrentzako.

Batik bat, inguruko lurretan ateratzen den diruaz mantentzen da Orreaga, alegia nekazaritzako edo abeltzaintzako enpresaren baten diruaz eta ostalaritzako jardueretako diruaz. Dena dela, erakunde ofizialek ere hartu behar dute parte, historia eta arte multzoa mantentzeko.

Mendez mende, Orreagako Ama Birjinaren inguruan, tradiziozko gurtza handia izan da, eta erromeria ugariren bidez adierazi da hori. Ospakizun koloretsuak eta aldi berean solemneak dira denak, eta erlijio grinaz gainezka egiten dute, alde batetik, bai eta ondo pasatzeko gogoz ere, bestetik. Orreagak hainbat herrirekin dituen harremanen adierazpena dira halaber, barne solidaritatearena eta euren arteko elkartasunarena.


ORREAGAKO PRIOREAK

Orreagako Kolejiata zuzendu duten priore guztien zerrenda: XII. mendeko hastapen gogorretatik hasi, loraldia eta XIX. mendeko krisialdia igaro, eta Done Jakueren Bideak gaur egun berriz ere indarra hartu duen arte.

Sancho
Pedro de Aibar
Guillermo
Fortún de Badostáin
Martín Guerra
García
Fernando
Sancho
Lope
García López (Ochoa)
Andrés Ruiz de Medrano
Juan Sánchez de Airaga
García Ibáñez de Viguria
Sancho García de Echagüe
Miguel de Tabar
Jimeno de Aibar
Sancho de Meoz
Juan Galiondo de Tafalla
Juan de Egüés
Fernando de Egüés
Francisco de Navarra
Antonio de Fonseca
Juan de Silveira
Francisco de Toledo
Antonio Manrique de Valencia
Diego González
Diego Balbás
Lope Valdivieso de Velasco
Martín Manso de Zúñiga
Pedro Miguel
Juan Manrique de Lamariano
Pedro de Hoces
Juan de Velasco y Acevedo
Andrés Santos de San Pedro
Francisco de Torres Grijalba
Marcelo Lópe de Azcona y Dicastillo
Miguel Cruzat
Martín Martínez
Gil de Echauri y Zárate
Gabriel Agudo Sendín
Francisco Marín y Rodezno
José Íñiguez y Abarca
Francisco de la Torre y Herrera
Jaime de Solís y Gante
Juan de Aristia
Féliz Rubín de Celis
José Joaquín de Úriz y Lasaga
Juan Bautista de Reta Santesteban
Lino Barricarte (abad)
Francisco Polit González
Nicolás Polit González
José Urrutia Beraiz
Fermín Goicoechea Jaunsaras
José Iturria Miranda
Agapito Martínez Alegría
Máximo Echeverría Sanz
Jesús Labiano Villanueva
Jesús Idoate Gil
Juan Carlos Elizalde Espinal
Francisco Javier Izco Barbería
Bibiano Esparza Tres

1137
1152 – 1155
1164
1194 – 1199
1203 – 1216
1217
1218 – 1220
1226
1232 – 1267
1270 – 1300
1302 – 1327
1335
1346
1347 – 1376
1383 – 1389
1390 – 1410
1410 – 1418
1419 – 1454
1454 – 1500
1500 – 1518/22
1518/24 – 1542
1542 – 1545
1545 – 1546
1546 – 1555
1555 – 1575
1575 – 1588
1588 – 1599
1600 – 1611
1613 – 1616
1618
1619 – 1628
1629 – 1632
1632 – 1637
1637 – 1639
1640 – 1648
1648 – 1652
1652 – 1655
1655
1656 – 1667
1668 – 1672
1672 – 1680
1681 – 1712
1713 – 1730
1730 – 1759
1760 – 1784
1784 – 1801
1803 – 1815
1816 – 1833
1852 – 1855
1866 – 1887
1887 – 1906
1906 – 1915
1915 – 1943
1948 – 1956
1957 – 1976
1977 – 1984
1984 – 2007
2008 – 2013
2013 – 2016
2016 – 2018
2018


Orreagako
Historia