Nafarroako iparraldean, eta bereziki Pirinioetako aldean, Iberiar penintsulako izadiaren paradisu nagusietariko bat dugu. Orreagako ingurumariak josita daude hantxe liluratuta galtzeko moduko tokiez; bai eta, historiaurreko garaietatik, lur horietan bizi izan diren jendeen arrastoez ere. Hor dituzu, bisitariaren gozagarri.



IRATIKO BASOA

Iratiko basoa Europako pagadi eta izeidi handienetakoa da, eta kontserbazioaz ari garela, onenen artekoa da. Guztira 17.000 hektarea ditu, eta landarediaren eta faunaren kalitatea eta kontserbazio egoera medio, Nafarroako eremu gomendagarrienetakoa da. Iratiko basoan ibilbide ugari dago, baina interesgarri eta bitxienetakoa Irabiako urtegia inguratzen duena da. Oihanaren bihotzean dago ur gardeneko urtegi eder hori.

Alde horretako landare eta animalia aberastasuna da turisten erakargarrietako bat. Pagadi eta izeidiek, larre zabalek, klima hezeak eta garaiera handiak faunarentzako eta landarediarentzako habitat aproposa eratzen dute. Desman piriniarra, igel piriniarra, okil beltza, okil gibelnabarra eta Graellsia isabelae tximeleta dira, besteak beste, hango animalia espezie bereizgarri.


Orreagatik hurbil, mendi-ibilbide ugari daude. Ez galdu haietan barna ibiltzeko aukera! Zehatz-mehatz ikusi nahi badituzu, sartu esteka honetara:
https://senderosderoncesvalles.blogspot.com/


Pirinioen mendebaldeko muturrean dagoen Orreagako multzo monumentala Ibañetako mendateko hegoaldean dago, Auritzeko lautadatik gertu.

Done Jakueren bidean atseden hartzeko lekua da. Nafarroa Behereko ibarretako sakonuneetatik igoera malkarra igaro eta gero dago Orreagako Andre Mariaren kolegiata. Alboan hainbat tontor du eta horien artean honakoak nabarmentzen dira: Astobizkar (1.266 metro) eta Ortzantzurieta (1.570 metro). Geologiaren aldetik, lur horiek Nafarroako zaharrenak dira, hain zuzen ere orain dela 450 milioi urtetik gorakoak.



Orografia horretan, Frantziako isurialdean desnibel nabarmena dago eta Espainiakoan pixkanakako desnibela. Geografiako faila batek marrazten du Piriniotako tarte horretako egitura. Egitura horri Orreagako zamalkadura esaten zaio eta mendebaldeko Piriniriotako igarobide hoberena da Iberiar penintsulan sartzeko.

Ibañetako mendatearen babesean dagoen sakonunea hautatu zuten eraikinak egiteko tokitzat. Izan ere, mendialde horretako eguraldi gogorretik babesten du erromesen aterpea. Eraikinen multzoa garaiera handian eraiki zuten. Hain zuzen ere, garaiera horrek eta eskualde horretako hezetasunak azaltzen dute inguruko berdetasuna. Pagadi zabalak daude eta baso horiek larre bihurtzen dira tontor garaienetan. Era berean, Auritzera doan bidean behera hariztiak daude.



Neguan, kolore berdea geruza zuri bilakatzen da. Horregatik, eraikinen goiko aldean inklinatutako teilatuak jarri behar izaten dira, Auritzen ikusten denez. Auritzen gaztelaniazko deitura, Burguete alegia, frankoen burgutik dator. Koroak sustatutako hirigunea izan zen koroa bera garatzeko. Egun, ostalaritzako eskaintza handia du.