alemán    
francés    
inglés    
euskera    
castellano    
Tuiter   Facebook  
Buscar 
Roncesvalles
Roncesvalles
 

XIII MENDEA

ORREAGAREN GOREN ALDIA


La Pretiosa XIV mendeko kodizea.


XII. mendeko bukaeratik, Antso VII.a Azkarraren babesa izan zuen kolejiatak. San Agustinen kaperan dago haren hilobia eta Nafarroako beste noble batzuena. Kolejiatak errenta kopuru geroz eta handiagoa izatea ekarri zuen horrek. Bertako erlijio komunitatea garrantzi handiagoa hartzen joan zen gainera, katedraleko kabildoaren kontra borroka latzak izan ostean. XIII. mendearen erdialdetik aurrera, eraztuna, makila eta bestelako ikurrak erabiltzeko pribilejio pontifikala zuten Orreagako prioreek, beste edozein apezpikuren antzera. Horrela, Orreagako apezpikuaren ondorengo gizonik garrantzitsuena eta erregearen aholkularietako bat bilakatu zen Kabildoko priorea Nafarroan.

Kolejiatak Iruñeko Kabildoaren aurrean bere independentzia baliarazi behar izatea zen Orreagak Iruñeko egoitzarekin zituen gatazken eragile nagusia. Hainbat auzi eta alegazio izan ostean, Kolejiatak irabazi zuen, eta XIII. mendearen bukaerarako San Agustinen erregelaren kalonje elkarte bat zegoela agerian geratu zen. Kalonje erregeladunek biziarteko priorea aukeratu eta askatasun osoz gobernatzen zituzten euren ondasunak.

Orreagak aberastasun eta garapen handiak izan zituen, eta bere zerga biltzaileen sistema eta administrazio organigrama antolatu ahal izan zituen. Enkomienda zen sistema horren funtsezko unitatea. Orreaga Nafarroako mugetatik harantzago iritsi zen, eta, fededunen emariei eta opariei esker, penintsulan hainbat jabetza izatea lortu zuen. Horien artean, Villagrako Hiribilduaren (Leon) errege emaria azpimarra daiteke, bai eta Luimil lekuarena (Castelomendo), Portugalen. Pirinioen beste aldeko jabetzarik garrantzitsuenak Londreseko Charing, Boloniako Maria Mascarella eta Tolosako hainbat ondasun izan ziren.

 

Oparotasun ekonomikoko garai hura inguruko monumentuen multzoan islatu zen. Distira eta zabalkuntza etapa horretan kokatzen dira Done Jakueren eliza, ospitale itxurako eraikin izugarria (Itzandegia) eta Santa Mariaren eliza, kolejiataren erdigunea. Orreagaren aberastasuna hainbat obra egin ondoren handitu zen, horren erakusgarri ditugu, zilarrezko ebanjelarioa eta filigranaz urreztatutako zilarrezko kutxatila. La Pretiosa kodizean garbi ageri da hazkunde garai hura, sasoi haietako dokumentuen kopia biltzen baitu.

« XII mendea -|- XIV mendea »